XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ERANTZUN AZKARRAK
1.- Joan-etorriko txartela

Bi mexikano, bat oso handia eta bestea txiki samarra, hizketan ari ziren herriko tabernan.

Handiak Pantxo zuen izena.

Bibote luze eta lodiak zituen: kokotzeraino iristen zitzaizkion.

Gelditu gabe ari zen Pantxo hizketan, harro harro.

Besteak isil isilik entzuten zion.

- Orduan bai sasoia! - zioen gaztetako ibilerak gogoratuz.

- Oroitzen zara? Behin zezen bat zetorren neregana, zuzen zuzen; ni ez nintzen, ordea, ikaratu: adarretatik heldu eta lepoa bihurritu nion.

- Gogoratzen zara? Noski, Pantxo... erantzun zion mantso eta gogorik gabe bezala lagunak.

- Beste batean, diligentziako zaldiak zoratu egin ziren.

- Nola, gero! Amiltegira zihoazen.

- Hura larria! Salto batez gainera igo eta berehala gelditu nituen zaldiak.

- Diligentzian gobernadorea zihoan.

- Hau ikara, laguna esan zidan, zu gabe hila nintzen.

- Hau ikara.

- Eta miloe bat eskaini zidan... gogoratzen zara? - Nola ez, Pantxo...!- besteak ahopetik.

Horretan ari zirelarik hirugarren bat inguratu zitzaien irrifarrez: - Kaiso, Pantxo, orain ere gezurrak kontatzen? Gezurtia zara gero! - Gezurtia ni? Pantxok haserre, pistola zorrotik ateratzen zuelarik.

- Esan berriz hori! - Horixe lasai lasai iritsi berriak.

- Gezurtia zara, gezurti! - Nola...? Pantxori burla? Zuk ez duzu bizitza maite, adiskidea.

- Gizon bazara, etorri bihar S. Antoniora eta... pistolek erabakiko dute zeinek duen arrazoi.

- Joango naiz, bai, gizona, horixe joango naizela.

- Bala batez aski izango dut.

Biharamonean, goizeko bostetan geltokian ziren biak, zein baino zein serioago, S. Antonioko trena hartzeko prest.

Pantxok joan-etorriko txartela eskatu zuen; besteak harunzkoa bakarrik.

Pantxok, barneko kezka gorde nahirik edo, honela bota zion lagunari: -Kontxo, kontxo! Harunzkoa hartu duzu... itzultzeko asmorik ez, ala? - Itzuli? besteak irrifarrez, zigarro kea lasai eta sakon irentsiz.

- Ni lagunaren txartelaz itzultzen naiz beti....

Galderak
1. Gizon isila eta apala zen Pantxo?
2. Zer egin zuen Pantxok zezena aurrean ikusi zuenean?
3. Zer eskaini zion gobernadoreak Pantxori?
4. Nor inguratu zitzaien Pantxori eta lagunari?
5. Zer galdegin zion iritsi berriak Pantxori?
7. Nola konpondu nahi du Pantxok arazoa?
8. Txartel berdina hartu zuten biek geltokian?
9. Bezperan bezain harro dago Pantxo?
10. Zergatik ez zuen besteak joan-etorriko txartela hartu?
.